
Gazteluarrak nagusi Gipuzkoako Sega Txapelketan
Kirolak Marialuixa Gabirondok irabazi zuen emakumezkoetan eta Andoni Goikoetxeak gizonezkoetan.
erredakzioa
Iragan igandean jokatu zen Gipuzkoako Sega Txapelketa emakumezkoen eta gizonezkoen mailan Zizurkilen. Bietan Gazteluko segalariak izan ziren irabazleak. Emakumezkoetan Marialuixa Gabirondok jantzi zuen txapela eta gizonezkoetan Andoni Goikoetxea jarri zen sailkapen buru. Gizonezkoek hiru jardunaldi jokatuko dituzte sailkapen ligan eta lehen lau sailkatuek finala jokatuko dute ekainaren 29an Larraitzen.
Lehen jardunaldia nazioarteko eran jokatu zen, hau da, azkartasuna eta txukuntasuna hartu ziren kontuan.
Emakumezkoetan finala
Emakumezkoek, lau segalarik, 42 m2-ko bina sail ebaki zituzten. Jardunaldi bakarrera jokatu zuten txapelketa, eta beraz, final itxura zuen lehiak. Iaz jokatu zen lehen txapelketa eta Arrate Garin legorretarrak irabazi zuen; txapeldunordea Marialuixa Gabirondo Gaztelukoa izan zen. Iragan igandean jokatutako txapelketan alderantziz gertatu zen, Gabirondo Garinen aurretik geratu baitzen.
Lehen sailean Gabirondo izan zen azkarrena (1:29) eta Garin bigarren (1:48). Bigarren sailean ere Gabirondo gailendu zen (1:47), Garin berriz ere bigarren gelditu zen (1:45). Bi sailak ebakita, Gabirondori 8 segundoko penalizazioa ezarri zioten epaileek eta Garini 4 segundokoa. Hirugarren eta laugarren posturako oso lehia estua eduki zuten Gorostidi eta Olano gazteluarrek. Lehen sailean azkarrago jardun zen Olano, baina bigarrengoan Gorostidi aurreratu zitzaion. Amaieran bi segundoren aldeaz, Josune Gorostidik lortu zuen hirugarren postua eta Yurre Olanok laugarrena.
Gizonezkoetan lehen urratsa
Hiru jardunaldietatik lehena jokatu zuten Zizurkilen gizonezkoek. Sailkapenaren lehen postuan Andoni Goikoetxea gazteluarra aurkitzen da, Mikel Aranalde herritarraren aurretik. 3. Urki orendaindarra dago. 4. Etxeberria amasarra eta Arkaitz Arteaga baliarraindarra 5. Bigarren jardunaldia igandean jokatuko dute Orendainen 12:00etan. Finala berriz ekainaren 29an izango da Larraitzen.
Zinema
'Australia' filma
TOLOSA, - 2009-01-09
Erakusketak
'Basoa'
TOLOSA, Aranburu Jauregia - 2008-12-18
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.