
2006-02-20 | 20:57:13
Gizartea
Apartamentu babestuak eta gizarte zentroa inauguratuta
Herenegun egin zuten balioanitzeko zentroaren inaugurazioa; 6 plaza izango dituzte apartamentuek, eta gizarte zentroa helduak elkartzeko gune izango da
Apartamentuen helburu nagusia pertsona helduei bizilekua eta arreta eskaintzea izango da, eta gizarte zentroa, berriz, elkartzeko gunea izango da, non ikastaroak, hitzaldiak eta jolasak bezalako jarduera sozialak antolatuko dituzten.
Atzo egin zuten Gaztelun, Eskola etxea edo Seroretxe eraikinean kokaturik dagoen balioanitzeko zentro berriaren inaugurazioa. Apartamentu babestuak eta gizarte zentroa hartzen ditu zentroak, eta adinekoei zuzenduriko zerbitzu ezberdinak eskainiko ditu.
Patxi Navas, Gazteluko alkatearekin batera, Gizarte Politikarako departamentuko ezinduen eta babesgabeen arretarako zuzendaria, Jose Luis Madrazo, eta Tolomendi eta Uli Mankomunitateko ordezkariak izan ziren, proiektuan era batera edo bestera parte hartu dutenak, alegia. Alkatea gustura azaldu zen, «herriak zuen beharra beteko duelako zentro berriak», eta gazteluar guztiak animatu eta gonbidatu zituen aurrerantzean zentroa erabiltzera. Bestalde, Tolosako Gerontologikoa ere izan zuen hizpide aurkezpenean; Navasek esan zuen Gerontologikoa ez dela soilik Tolosarrentzat, «eskualde osorako zuzendua dago, eta horregatik inguruko herritar guztiak arduratzen gaitu bere etorkizunak, gainera, orain Iurramendiko egoitza tolosarrentzat izateko asmoa azaldu du Udalak»; «kalitatezko gerontologiko publikoaren alde egiten dugu».
Alkateari erantzunez, arazoa mahai gainean dagoela, eta bi urteren buruan soluzioarekin egitea espero dutela adierazi zuen Madrazok. Bestalde, «proiektu honekin, Gipuzkoako herri txikietan bizi direnen kalitatea hobetu nahi dugu», eta «Gazteluko zentro hau irekiz, agintaldi honetarako geneuzkan helburuak bete ditugu», gehitu zuen Jose Luis Madrazok.
Rai Mendiburu arkitektuak egin eta Luisa Lopez Telleria dekoratzaileak apaindu ditu apartamentu babestuak eta gizarte zentroa. Lehenengoaren kasuan, helburu nagusia pertsona helduei bizilekua eta arreta eskaintzea izango da; gizarte zentroa, berriz, elkartzeko gunea izango da, non ikastaroak, hitzaldiak eta jolasak bezalako jarduera sozialak antolatuko dituzten. Bestalde, zentroan Euskal literaturan garrantzi handia izan duten bi gazteluar gogoratu nahi izan dituzte, izan ere, Inazio Goikoetxea Gaztelu-ren eta Jose Mari Aranalderen bertsoak jarri dituzte hormetan.
Eraikineko lehenengo solairuan, etorkizunean, ezintasuna duten adinekoentzat eguneko zentro bat jartzeko aukera zabalik geratu da, eta «herrian behar hori dagoela somatzen dugun neurrian aztertuko dugu aukera hori», azaldu zuten ordezkariek aurkezpeneko ekitaldian.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.